Iturmendiko Udala | Ayuntamiento de Iturmendi

Norberaren eta hirugarrenen cookie-ak erabiltzen ditugu erabiltzaile gisa duten esperientzia hobetzeko. Webgune honetako edozein estekatan klik egitean, zure nabigatzailean horiek instalatzeko baimena ematen diguzu.

Informazio Orokorra

KOKAPENA ETA INGURU NATURALA

Iturmendi Nafarroako udalerria da. Nafarroa mendebaldean kokatzen da gure herria, Iruñeko merindadeko Sakanako eskualdean, Burunda bailaran. Nafarroako hiriburutik 45 kilometrotara, Urbasa eta Aralar mendilerroen artean dago, Burunda haranean, Arakil ibaiaren ertzean.

Itsasotik 528 metroko altueran kokaturik eta 9,7 km2ko azaleraz osaturik, Iturmendik, Gipuzkoako Ataun herriarekin eta Aralar mendizerrarekin egiten du muga iparraldean, Bakaikurekin ekialdean, Urdiainekin mendebaldean eta Urbasako mendizerrarekin hegoaldean (1064 metrotan dago Santa Marina ermita).

DATU SOZIO-DEMOGRAFIKOAK

Zenbait dokumentuk jasotako datu-estimazioen arabera, Iturmendiko biztanleria 1400ean 70 pertsona ingurukoa zen, hurrengo mendean zehar nabarmen hazi eta 1300 ingurura pasa zen 1553rako. XVIII. mendetik aurrera 400–450 biztanletan egonkortu zen, 2023ko urtarrilaren 1eko udal-erroldaren arabera, 418 biztanle zituelarik.

HISTORIA

Iturmendi (iturri eta mendi hitzen elkarketa) herriak Burundako gainontzeko herriek bezala (Bakaiku, Urdiain, Altsasu, Olazti eta Ziordia) Erdi Aroan du jatorria. Lehenagotik zeuden bizpahiru herrixkek, Aitzagak eta San Pedrok, XIV. mendearen amaieran bat egin eta Iturmendi osatu zutela uste da.

ONDARE KULTURALA

Arkitektura zibil eta erlijiosoa

Iturmendiko arkitektura zibil eta erlijiosoa herriko ondare kultural material garrantzitsuak dira.

Iturmendiko egitura urbanistikoan kale eta plaza zabalak dira azpimarragarri, bai eta harri eta egurrezko etxe handiak. Gehienak XVIII mendekoak dira, Iturmendirentzat garai oparoa, merkataritza eta mandazaintzari esker aberastu zena. Etxe eta eraikin hauetariko 20 baino gehiago izan dira Vianako Printzea katalogatuak, beren eraikuntza sendo eta armarri Hegaldun etxeak, harlanduzko fatxadak eta armarri barrokoak dituzten etxeak nabarmentzen dira. Horren adibide dira Jauregia, Erbiti edo Kurtederia etxeak. Kurtederia izenez ezagutzen den etxean hain zuzen ere, badago 1706ko armarria dago eta bertan agertzen da ustez Nafarroan aurkituriko euskal testu epigrafikorik zaharrena.

Herriko plazan Arrano Beltzaren iturria dago. Iturriaren eraikuntza 1767an hasitakoa dela uste da (Nicolás Arbizu, 1993). Harmailadi zirkular baten gainean dago, harrizko bost atezainek inguratuta. Kikara formako ontzi biribil handi bat du eta erdian bloke angeluzuzen bikoitz eta sendo bat. Iturri gainenan arrano beltza dago, Iturmendiko armarriaren ikurra ez ezik, Burundakoarena ere bai. Herriaren goikaldean, Txorralden, 1851an eraikitako iturri eta estalitako garbitokia dago.

Arkitektura erlijiosoari dagokionez, aipagarriak dira:

San Miguel parrokia: XVII eta XVIII mendeetan eraikitako eliza herri goikaldean kokatzen da. Kanpoaldean dorre barrokoa herriko armarriarekin buru biko arranoarekin eta beste elementu batzuekin apaindua. Barruan, Vianako Juan Bautista Susokoak 1740an sortutako erretaula nagusia eta Frantzisko Xabierkoaren irudiak ditugu, beste horma irudiez gain. Garrantzizkoena hala ere, eskulturazko dekorazioak dituen Aitzagako ermitako bataiarri erromanikoa da.

Iturmendin gaur egun lau ermita mantentzen dira: Santa Marina, San Pedro, Pilara eta Aitzaga. Santa Marina, Urbasa ertzean dagoen Erdi Aroko ermita da. Herriko hainbat ospakizun eta erromerietan garrantzi handiko gunea, Bakaikuko Udalarekin partekatzen du Iturmendiko Udalak (antiznan Urdiainekin ere bai). Bertan ospatzen dira Trinitateko eta uztailaren 18ko erromeriak.

San Pedro ermita, herriaren gainaldean, Urbasarako bidean dago kokatuta eta ekainaren 29a du ospakizun eguna. Bertan XVI. mendeko irudia dago.

Pilara, herriaren hegoaldean, antzinako errege-bidearen eta 1714an eraikitako ferra-galtzadaren bidegurutzean dago. 1714an eraberritutako ermita da eta alabastrozko jatorrizko irudia du. Urriaren 12an du ospakizun eguna.

Aitzaga, XII mendeko ermita erromanikoa, izen bereko herrixka edo despopulatuko eliza, ibaiaren eta errotaren ondoan dagoen gain batean kokatuta dago. Jatorrizko portadari eusten dio ermitak. Abuztuaren 15ean ospatzen da bertako jaia.

Via crucis edo kalbarioa. Herriaren eta Aitzagako ermitaren arteko bidean harrizko gurutzez osatutako kalbarioa edo via crucis-a dago. XVII edo XVIII. mendearen hasierakoa ziurrenik, azken gurutzeak grinaren sinbolo barrokoekin apaintzen baitira, gurutze-bide honen berezitasun garrantzitsuena, gurutzeetako kalbarioaren urratsak euskaraz egindako idazkunak direla, ziurrenik beste hizkuntzarik ezagutzen ez zuten herritarrek idaztzi zituztenaren seinale.

Bernoako galtzada

Bernoako galtzada, mandazainek eta trajineroek XIX. mendera arte barnealdea eta kostaldearen arteko merkantziak garraiatzeko erabili zuten Erdi Aroko ferra-bide bat da. Galtzadaren aipamenik zaharrena 1208koa da, Burundako Foruan agertzen dena.

Kanpoaldean harri handiak eta erdian txikiak dituzten bide hauek, lizarraldea eta kostaldea (Donostia eta Pasaia) lotzen zituen. Bakedanotik Santa Marinan barna Iturmendira doa eta basoan barna Sakana Ataunekin lotzen du. Etxarri Aranatz eta Bakaikuko beheko basotik doan adarrak Bernoako galtzadarekin Iturmendiko Aizkibel-Mandabita dermioan bat egiten du.

XVIII. mendean ipar-hegoa trazatua duten galtzada horiek zaharberritu eta zabaldu egin zituzten Burundako mandazainek. XIX. mendean Lizarrustiko errepidea egitearekin galtzadak garrantzia galdu zuen. Ibilbidea GR323 bezala homologatua izan zen 2021ean, mandazainaren irudiari eta haranaren garapenerako funtsezkoa izan zen jarduera ekonomiko honi balioa emanez. Gaur egun 64 km-ko bidezidor balizatuak ditu, bi etapa nagusi, 11 saihesbide, 4 deribazio eta ibilbide zirkular bat herri bakoitzean.

2015etik aurrera eta urte ezberdinetan, galtzadako tarte batzuk auzolanean berreskuratu dira herriko bizilagun eta DeAmicitia GKEarekin elkarlanean egindako auzolanen bidez.

 Euskara

Iturmendiko euskalkia Sakanako eta Burundako euskara da. Mendeen joanean, gipuzkeraren, nafarreraren eta Arabako lautadan hitz egiten zen euskara zaharraren eraginak jaso dituenez, nafarreraren, gipuzkeraren eta bizkaieraren tarteko hizkera da.

Gerra Zibilaren ondorenean, euskararen debekuaren ondorioz, bizilagun gehienek galdu zuten tokiko euskara, gutxi batzuk mantenduz. Iturmendiko euskara hitz egiten zuten bizilagunak zendu ondoren (azkena 2023an), inguruko beste zenbait herrietan bezala, galdu den euskalkietako bat da. Iturmendiko hizkera eta ahozko ondarea, proiektu ezberdinen bidez jaso eta gorde dira. 2010ean Euskaltzaindia eta Nafarroako Gobernuak Koldo Zuazo Zelaietak burututako Sakanako euskara. Burundako hizkera liburua argitaratu zuten, euskalki honen ezaugarriak jasoz. Bestalde, 2002 urtetik aurrera martxan jarritako ahotsak.eus proiektuaren bidez Iturmendiko euskara jasotzen dituzten tokiko euskara hitz egiten zuten zenbait bizilagunen grabazioak burutu eta jaso dira.

Gaur egun, 1970. hamarkada bukaeratik aurrera jaiotako gazte gehienek dakite euskara (batua), batik bat bertoko herri eskola eta inguruko ikastoletan euskarazko hezkuntza jaso ahal izan dutelako 80. hamarkadatik aurrera jaiotako haurrek. Erabilera ere, oso gutxinaka bada ere, indarberritzen eta berreskuratzen ari da.

Nastat, Nafarroako Estatistika Institutuaren arabera, azken hiru amarkatetan, 1986tik 2022ra, euskaraz hitz egiten zuten bizilagunak %21,3 izatetik %45 izatera pasa dira. Euskaraz ez zekiten bizilagunak 80. hamarkadan 10etik 6 ziren ia, 2022rako nabarmen murriztuz %32ra.

UDAL-KUDEAKETA

1979 geroztik, Iturmendiko Udalak alkate hauek izan ditu:

Agintaldia Alkatea Zerrenda/Afil. politikoa Kargu hartze-data
1979-1983 Juan Mª Lanz López De Goicoechea Independienteak 1979-04-19
1983-1987 Juan Lopez Lopez Independienteak 1983-05-23
1987-1991 Victoriano Gabirondo Lanz Herri Batasuna 1987-06-30
1991-1995 Victoriano Gabirondo Lanz Independienteak 1991-06-15
1995-1999 Nicolas Arbizu Gabirondo Independienteak 1995-11-25
1999-2003 Julen Galarza Ochoa Euskal Herritarrok 1999-07-03
2003-2007 Nicolás Arbizu Gabirondo Kudeaketa Batzordea 2004-04-23
2007-2011 Nicolas Arbizu Gabirondo Kudeaketa Batzordea 2008-01-30
2011-2015 Victoriano Gabirondo Lanz Bildu-Eusko Alkartasuna 2011-12-10
2015-2019 Victoriano Gabirondo Lanz Bildu-Eusko Alkartasuna 2015-06-13
2020-2023 Imanol Arbizu Perpiñá Kudeaketa Batzordea 2020-10-23
2023-2027 Kai Galartza Cervera Herri Elkarlana 2023-12-16

Datu iturria: Espainiako Gobernuko Lurralde Politikako Ministerioa. Kontsulta-esteka: https://mpt.gob.es/portal/politica-territorial/local/sistema_de_informacion_local_-SIL-/alcaldes_y_concejales.html

Informazio zehatz gehiagorako eta zinegotzien zerrendak aurreko estekan kontsultatu daitezke.