Jaiak eta Ospakizunak
Herrian jai eta festa zibil eta erlijioso ezberdinak ospatzen dira urtean zehar.
Urtarrilak 1, Urteberri. Urtezahar eguneko afariaren ondoren, eta urteberriari hasiera emateko, herriko kintoak (18 urteko eta inguruko gazteak) Urgoiena, ur barrena kopla abestera ateratzen dira etxez etxe.
Urtarrilak 5, Errege Bezpera. Arratsalde hasieran herriko haurrek Errege Magoen etorreraren berri ematen dute, herrian zehar farak (zintzarriak) astinduz. Arratsalde bukaeran, berriz, Errege Magoen desfilea egiten da herrian zehar eta frontoian bukatzen da auzate batekin.
Urtarrilak 17, San Anton. Iturmendiko San Antón kofradia, orain hiru mende baino gehiago, gutxienez 1690an, herriko 28 mandazainek sortutako erakundea da, tradizioz animalien babeslea izan zena. Mandazainena funtsezko ogibidea izan zen Sakanako garapen ekonomiko eta sozialean, batez ere Burunda bailaran. Kofradiako kideen bilkura egiten dute banderaren zaintza eta beste ardura-buruzagiak aukeratzeko eta meza eta bazkari batez ospatzen dute kideek eguna.
Otsailak 5, Santa Ageda. Burundako gainontzeko herrietan bezala Santa Agedako jaiak ospatzen dira. Garai batean, gazte ezkongabeak edo soldadutza egitera joateko adinean zeuden kintoak biltzen ziren eta atez ate joaten ziren dirua edo janari eske, ondoren bazkari, afari edo festa bat egiteko. Gaur egun diru-eskean koplak abestera neska eta mutilak atera ohi dira, eta baita adin gehiagotako gazteak ere, ondoren kinto eta lagunekin ospakizuna egin ahal izateko. Eskolako haurrak ere koplak abestera irten ohi dira herritik, musika eta makilez lagundurik, kaikuak eta baserritar jantziak eramanez.
Otsaila inguruan, Inauteriak. Erramu igandea baino 40 egun lehenago hasten dira inauteriak. Larunbatean piñata-ihoteak ospatzen dira, herri-bazkari eta mozorroen-kalejira batekin herriari buelta emanez. Asteartean gazte eta haurrak jitomotxorroz janzten dira, Iturmendiko ihoteetako pertsonaia: buruan lastozko txanoa, izara-trapua eta animalia hezurrak, aurpegia estalirik, zakua gorputzean, zarata ateratzeko farak (zintzarriak) gerrian eta zigor-makila eskuan. Herriari buelta emanez egiten dute kalejira eta ondoren txokolatada izaten da.
Maiatzak 1, “Maiatza eguna”. Urtero maiatzaren lehen egunean 20 metrotik gorako pagoa, “Maiatza”, jasotzen eta jartzen da herriko plazan. Kintoek eta herriko beste zenbait gizonek, aurreko egunetan pago polita bilatu eta aukeratzen dute. Bota eta prestatu ondoren, maiatzaren 1ean traktoreen laguntzaz ekartzen da herriko plazara eta bertan 4-5 metro inguruko pinu adarkada gehitzen zaio, bai eta ikurriña puntan. Herriko (gizon) bizilagunen artean jasotzen dute, gazteen artean batez ere eskuz, soka eta iskilera batzuen laguntzaz jartzen dute tente. Ondoren, auzatea eta ardoa banatzen dira zilarrezko kikaretan. Maiatza hilabete osoan zehar egoten da plazan, udaberria iritsi denaren seinale, eta beraz, ganadua Urbasara bazkatzera igo daitekeenaren adierazle.
Maiatzak 8, San Miguel. Herriko festa txikiak. Data zehatzak urteko egutegiaren arabera aldatzen badira ere, 8aren inguruko asteburuan egin ohi dira ospakizunak.
Maiatza-ekaina, Pazkolaugarren eta Trinitate eguna. Bakaikurekin txandakatzen den ospakizuna da eta erromerian Santa Marina ermitara igotzen da. Pazkolaugarren, (Mendekoste Pazkoa amaitu eta laugarren eguna), Santa Marinaren irudia baselizara igotzen den eguna da. Meza ostean ogia, gazta eta ardoa banatzen da.
Ekainak 23, San Juan bezpera. Euskal Herriko gainerako herrietan bezala, udako solstizioa ospatzen da egun honetan, herriko enparantzan su bat eginez. Arratsalde-gau inguruko ospakizuna izaten da.
Uztailean, “Karmeseko festak” edo herriko festa nagusiak. Data zehatzak urteko egutegiaren beharren arabera aldatzen badira ere, beti hartzen ditu uztailaren 16a (Karmes eguna) eta 18a (Santa Marinara erromeria eguna). Bost eguneko iraupena izan ohi dute azken urteetan.
Urriak 31, Gau Beltza. Azken urteetan Euskal Herriko beste hainbat herritan bezala, berreskuratzen eta berrasmatzen ari den ospakizuna da Gau Beltza. Egun honetan kuiak prestatu, gaztainak erre, goxokiak banatu eta mozorroturik, kalejira egiten dute herriko haur eta helduek, besteak beste.
Abenduak 24, Gabon gaua eta Olentzero eta Mari Domingiren etorrera. Arratsalde bukaeran, Olentzero eta Mari Domingirekin herrian buelta egin ohi da, gabon kantak abestu eta frontoian bukatzeko. Bertan txokolate beroa banatzen da eta ondoren, Gabon gaueko afariak ospatzen dira familian.